4.3. Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak
4.3. Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak
2007ko Ohiko txostenean jaso genuen osasun mentaleko arazoak zituzten pertsonak kezkatuta zeudela AMALen aplikazioari buruz, eta zehazki, prestazioen katalogoa diseinatzeko garaian, arazo mental larriak zituzten pertsonen beharrez gain, beren familia-ingurukoenak ere kontuan hartzeko beharrari buruz (kasuen %80an haiekin bizi baitira[75]).
FEDEAFESek AMALen aplikazioari buruz egin dituen balioespenen berri izan dugu. FEDEAFES Gaixotasun mentalak dituzten senideen eta pertsonen Elkarteen Euskadiko Federazioa da, lau elkarte barne hartzen dituen irabazi-asmorik gabeko gizarte-erakundea:
– ASAFES, Eri mentala duten pertsonen eta senideen Arabako elkartea.
– AVIFES, Buruko gaixotasuna duten senideen eta pertsonen Bizkaiko elkartea.
– AGIFES, Gipuzkoako famili eta eri psikikoen elkartea.
– ASASAM, Buruko gaixotasuna duten senideen eta familien Aiarako elkartea.
FEDEADES 1987. urtean sortu zen handitzeko asmoz eta 1976. urtean erreforma psikiatrikoaren testuinguruan lanean hasi ziren elkarte aitzindari batzuen indarrak batzeko. Helburu orokor hau du: "gaixotasun mental bat duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten neurriak hartzea, eta espezifikoki, xede hauek ditu:
– Gaixotasun mentalak dituzten pertsonen eta haien familien taldea ordezkatzea zenbait gobernu-organotan eta beste instantzia publiko eta pribatu batzuetan, haien berariazko problematikarekin lotuta.
– Taldearen interesak defendatzea, organo eta erakunde eskumendunen aurrean ordezkatuz.
– Gaixotasun mentalak dituzten pertsonen eta haien familien osasun- eta gizarte-arreta egokia eskatzea, errehabilitazioa, gizarteratzea eta lan-integrazioa ahalbideratuko duena.
– Gaixotasun mentala duten pertsonen eta haien familien problematikari buruzko gizarte-sentsibilizazioa sustatzea, osasun-, gizarte- eta lan-alderdietan dauden marjinazioan eta diskriminazioan arreta jarriz.
– Taldeak proposatutako eskaerak sustatzea eta koordinatzea, dagozkion organismo ofizialen aurrean ordezkatuz, beren legezko eskubideak defendatuz, Osasun Mentalaren eta Gizarte Zerbitzuen arloko organo planifikatzaileetan eta legegileetan parte hartzearen bidez.
– Botere publikoei, bai eta FEDEAFESen erakunde kideei ere, gaixotasun mentalak dituzten pertsonen eta haien familien interesen alde egingo duten legeak egiteko eskatu.
– Ospitaleratzea ordezkatzeko zerbitzuen sorrera, eta familia txandakatzeko eta ordezkatzeko sistemen ezarpena eskatzea.
– Informazio etengabea eta eraginkorra garatzea, gaixotasun mentala duten senide eta pertsona guztiak biltzeko, talde osoa foro berdin batean sartzeko asmoz.
– Informazioa eta esperientzien trukaketa sustatzea elkarte kideen artean.
– Elkartasun-printzipioa indartzea elkarte federatuen eta gizartearen artean.
– Gaixotasun mentalei buruzko ikerketa eta gaixotasun horien prebentzioa bultzatzea.
– Prebentzioaren, laguntzaren eta errehabilitazioaren arloan zerbitzuen sorrera aldarrikatzea psikiatriaren esparruan, ospitalez kanpoko laguntzari lehentasuna emanez.
– Familiari eta komunitateari bideratutako tratamendu psikiatriko bat aldarrikatzea, ez bakartutako banakoari bideratutakoa.
– Osasun Mentaleko erabiltzaileen elkarteek osasun mentalarekin lotutako zerbitzuetan eta organoetan kontrola eta partaidetza izatea aldarrikatzea".
Beraz, FEDEAFESek gaixotasun mentalak dituzten pertsonen eta haien familien euskal erakundeak biltzen ditu, eta gaixo horien eta haien senideen bizi-kalitatea hobetzeko ekimenetan ikerketa, trukaketa, ikaskuntza eta berrikuntza sortzeko eratu zen. Era berean, politikak eta esperientziak sustatu eta hedatu nahi ditu bizi-kalitatearen ereduaren barruan. Gaixotasun mentalak dituzten pertsonen duintasuna eta eskubideak defendatu eta aldarrikatu nahi ditu. Halaber, gizartea sentsibilizatu nahi du, eta foroetan eta sareetan parte hartu. Era berean, politika publikoak eskatzen ditu, gaixoen eta beren familien mesedetan.
FEDEAFESek ordezkaritza du Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluan, Gizarteratzeko Euskal Kontseiluan eta Osasun Mentalaren Euskal Aholkularitza Kontseiluan. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Elkarrizketa Zibileko Mahaiko kide da, eta gaixotasun mentala duten pertsonentzako Euskadiko Espetxe Batzordean parte hartzen du.
Elkarte-mugimenduetan duen parte hartzeari dagokionez, FEAFESeko kide da (Gaixotasun Mentalak dituzten Senideen eta Pertsonen Taldeen Espainiako Konfederazioa), bai eta EDEKAkoa ere (Elbarrituen ordezkarien euskal koordinatzailea). Halaber, Sareen Sarean hartzen du parte. Sare horretan daude Euskal Autonomia Erkidegoko hirugarren sektorea biltzen duten sare eta federakunde nagusiak.
Adierazten genuen bezala, FEDEAFESen iritzia bildu dugu (eta FEDEAFES sortzen duten elkarteena ere: AVIFES, ASAFES, AGIFES eta ASASAM) lege berria gaixotasun mentala duten pertsonengan izaten ari den inpaktuari eta ondorioei buruz. FEDEAFESen balioespenaren alderdirik garrantzitsuenak azpimarratuko ditugu:
– Federazioak eta aipatu elkarteek positibotzat jotzen dute legeak hauek egitea:
• mendekotasun-egoeran dauden pertsonen autonomia eta arreta sustatzeko eskubidea lehen aldiz biztanleriaren eskubide subjektibotzat aintzatestea.
• lehen aldiz gaixotasun mentala mendekotasunaren kontzeptuaren baitan sartzea (lege hori indarrean jarri baino lehen, hirugarren pertsonaren laguntza behar zen baloratzeko 1971/1999 Errege Dekretuak, ezgaitasun maila aitortu, ezarri eta kalifikatzeko prozedurari buruzkoak, ezarritako baremoa erabiltzen zen; gaixotasun mentala zuen ia pertsona bakar batek ere ez zituen lortzen gutxieneko 15 puntuak, hirugarren pertsonaren laguntza behar zela aintzatesteko beharrezkoak zirenak);
• autonomia pertsonalerako laguntza beharrezkoa dela sartzen du mendekotasunaren definizioan, gaixotasun mentala duten pertsonen kasuan.
– Zenbait gabezia eta zailtasun hautematen dituzte, eta dagozkien hobetzeko proposamenak egiten dituzte:
• egungo baremoa berrikustea, gaixotasun mentalen berezko zailtasunak ez baititu islatzen. Egungo puntuazioa ordezkatzeko proposamen bat egiten dute. Taula honetan aurkeztuko dugu:
JARDUERA |
EGUNGO PUNTUAZIOA |
PROPOSAMENA |
Jatea/edatea |
10,0 |
5,0 |
Gernu/kaka egitearen erregulazioa |
7,0 |
2,0 |
Garbitzea |
8,0 |
10,0 |
Beste gorputz-zainketa batzuk |
2,0 |
4,0 |
Janztea |
11,6 |
11,6 |
Osasuntsu egotea |
11,0 |
14,0 |
Gorputz-transferentziak |
2,0 |
0 |
Etxearen barruan ibiltzea |
12,1 |
10,0 |
Etxetik kanpo ibiltzea |
12,9 |
15,0 |
Etxeko lanak |
8,0 |
10,0 |
Erabakiak hartzea |
15,4 |
18,4 |
GUZTIRA |
100 |
100 |
• Baremoaren aplikazioan, balioespen-gidaliburuak ezarritako jarraibideak kontuan hartzea (dokumentu horretan, jarduerak eta lanak gaixotasun mentalak dituzten pertsonekin nola balioetsi behar diren interpretatzen da), ohartarazten baitu ez direla zorrozki jarraitzen.
• prestazioak eta zerbitzuak bateratzea (hala, esate baterako, beharrezkotzat jotzen dute Bizkaian familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa (FIZPE) eta eguneko zentroetara joatea bateratzea, pertsonei eta zaintzei nagusiei laguntzen baitiete).
• lege hori ezartzeko baliabide ekonomikoak handitzea, uste baitute urriegiak direla (langileei eta zerbitzuei dagokienez), eta ia ez daudela ostatu- eta bizitegi-baliabideentzat, eguneko zentroentzat, eta osasun mentalean espezializatutako eta esku-hartze hezitzailearen eta gizarte-abilezien ikuspuntu bat duten etxeko arreta-zerbitzuentzat.
• hasierako eskaeraren eta zerbitzuaren edo prestazioaren esleipenaren arteko batez besteko denbora-tartea murriztea.
• dagoen benetako eskaera islatzea, eskatutako baliabidea oraindik izan ez arren. Izan ere, kasu batzuetan, gaixotasun mentalak dituzten pertsonentzat baliabideak ez izateagatik (besteak beste, aldi baterako bizitegi-baliabideak), profesionalak familia eskatu ez duen norabidean bideratu du, eta horrek berekin dakar benetan dagoen eskaera idatziz ez jasotzea.
• prozedura erraztea, korapilatsua, oso burokratizatua eta interesdunak ulertzeko zaila baita (hizkuntza ez oso argian).
• balioespenak egiten dituzten profesionalak osasun mentalari buruz prestatzea.
• balioespen-fasean familiak kontuan hartzea, haiek baitakite gaixoak zer zailtasun dituen ohiko ingurunean. Komenigarria litzateke mekanismoak ezartzea, gaixotasun mentala duen pertsonaren aurrean gaixoak zer muga dituen adierazteko zailtasunak dituzten familiekin informazioa alderatzeko eta argitzeko.
• BAP egiterakoan, mendekotzat hartutako pertsonarekin elkarrizketa bat izatea (batzuetan, elkarrizketa familiarekin edo zaintzaile nagusiarekin izaten da soilik). Elkarrizketa horretan, garrantzi handia du jakinaraztea zer prestazio eta zerbitzu eskuratzeko eskubidea dagoen.
• legeak aitortutako eskubideak betetzeko, Banakako Arreta Plana (BAP) egitea beharrezkoa dela argi eta garbi jakinaraztea. Batzuetan, Gipuzkoan, elkarteek hauteman dute ebazpena ematean ez dela ematen BAP egitea eskatzeko behar den informazioa, eta horrenbestez, mendekotasun-egoeran dagoen pertsonari egoki dakizkiokeen prestazioak edo baliabideak eskatzekoa.
• mendekotasun-egoera aitortzeko ebazpenarekin batera, item bakoitzean jasotako puntuazioak adierazten dituen balioespen-txosten teknikoa ematea (helegite bat aurkeztea egokia den ala ez ahalik eta azkarren erabakitzeko, eta hala balitz, helegitearen prestaketa errazteko, txosten hori berriz eskatzeak eragin ditzakeen alferrikako atzerapenak saihestuz).
• osasun- eta gizarte-esparruko profesionalen arteko koordinazioa sustatzea, baliabide baten edo bestearen egokitasunari buruz batzuetan dituzten irizpide desberdinak gainditzeko.
• legean aurreikusitako zerbitzuak sortzea, batez ere bizitegi-zerbitzuak (iraunkorrak nahiz aldi baterakoak).
• etxeko laguntza-zerbitzua (ELZ) uniformetasunez arautzea –intentsitatea, kostea, bateragarritasuna, etab.–, gaixoa bizi den udalerriaren arabera desberdintasunik egon ez dadin.
• mendekotasun-egoera balioesteko prozeduraren faseetan, kontuan izatea gaixotasun mentala duten pertsona batzuek zailtasunak dituztela bere gaixotasuna onartzeko eta gaixotasun horren kontzientzia izateko, eta hori batzuetan oztopo bat dela beren eskubideak betetzeko.
• familiei –gaixotasun mentala duten pertsonen euskarri nagusia– laguntza ematea sustatzea, osasun-esparruan koordinatutako gizarte-baliabideen sare on bat sortzearen bidez.
FEDEAFES osatzen duten elkarteek eta federazioak berak informazio-kanpainak sortu dituzte lege berriari eta lege horren inplikazioei buruz, gaixotasun mentala duten pertsonei, senideei eta profesionalei zuzenduak. Horrek guztiak, autonomiaren eta mendekotasunaren esparruan behar duten arretarekin eta alderdi horiei buruzko lan-talde baten sorrerarekin batera, lagundu du eta laguntzen du araudi horri buruz, eta araudi horren inpaktuari eta hobekuntzari buruz gehiago jakiten, gaixotasun mentala duten pertsonen taldearekin lotuta.
75] Gaixotasun mentalak dituzten senideen eta pertsonen elkarteen Euskadiko federazioak emandako datua.